ORIXE IKASTOLA


Orixe Ikastola orain dela 40 urte baino gehiago sortu zen Donostiako Alde Zaharrean. Garai hartan euskerarekin konprometitutako guraso talde batek, Donostiako euskaldun komunitatearen hainbat kiderekin batera, apustu handia egitea erabaki zuen: beraien seme-alabak euskaraz hezitzea. Euskara izango zen hezitzeko erabiliko zuten hizkuntza bakarra eta honekin batera, irakaskuntzaren kalitatea proiektu haren ezaugarri nagusia. Denok dakigu garai hartan erabilitako metodoak aintzindari izan zirela eta, ondoren zenbait proiektutako eredu eta beste hainbeste esperientzietako iturri.

 

Orixe Ikastola 1968. urtean sortu zen. Lehenago zeuden ikastola txikiak bilduz, Elbira Zipitriaren inguruan eta Alde Zaharrean kokatu zen. Lau irakasle Santa Mariako erretorearen babespean hasi ziren beharrezkoak ziren gestioak egiten.

 

Hasieran Santa Mariako ganbara gisako bat egokitzen zuten bitartean bi tokitan aritu ziren lanean:

 

-         Bata, San Bizente parrokian kristau ikasbiderako duten etxeko bi gelatan.

-         Bestea, Felitxu Eraso irakasleak bere etxean utzitako bi geletan.

 

Moldatze lanak bukatu ondoren lau irakasleak lanean hasi ziren 69/70 ikasturtean.

 

Hasieran 5, 6, 7 eta 8 urteko neska-mutilak zituzten. Gero 4 urteko ikasleak hartzen hasi ziren eta hurrengo ikasturtean 9 urteko ikasleak. Horrela, guztira, sei gela zituzten: bi eskolaurrekoak eta lau oinarri heziketakoak.

 

Legeak eskatzen zuen neurrian boskarren maila jarri beharra zegoen eta berriro San Bizente parrokian egin zituzten bi ikasturte: 72/73 eta 73/74.

 

Garai hartan Kanpanario kalean guda aurretik Muñoa Jaunaren Ikastolak izan ziren etxean, berrikuntza lanak egiten hasiak ziren. Kai-Aldeko zuzendaritzarekin gestioak egin ondoren 74/75 ikasturtean Orixe Ikastolako Oinarri Heziketako bost mailak Kanpanario kalean kokatu ziren.

 

Bitarte horretan legearen eskakizunei erantzunaz Donostiako bost ikastolek elkar harturik Barandiaran Lizeoa eraiki zuten beren bigarren zikloa egiteko.

 

Handik urte batzutara ikastola bakoitzak Oinarrizko Heziketa Osoa ematea erabaki zuen.  Nahiko arazo gainditu ondoren Urgull eskola publikoaren zati bat izan genuen 84tik 88ra. Geroztik Urgulleko eraikin osoa guretzat izan zen.

 

2007. urtetik aurrera Zuloagako  eraikinean Haur Hezkuntza osoa eta Lehen Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailak ditugu, eta hirugarren mailatik gorako guztiak, Urgulleko eraikinean.